Amurrioko Udalak azaroaren 2ra arte jasoko ditu herritarrek aurrekontu parte-hartzaileetarako egiten dituzten proposamenak

Amurrioko Udalak AmurriokoEKIN aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan amurrioarrek sartu nahi dituzten proposamenak bilduko ditu bihartik, urriaren 20tik, aurrera. Prozesu irekia da, udalerriko biztanleek udal aurrekontuko 430.000 euro erabiltzeko moduari buruzko ekarpenak egin ditzaten. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 2an amaituko da.

Amurrioko Udalak AmurriokoEKIN prozesua jarri du martxan berriro, herritarrek 2022an 215.000 € eta 2023an beste 215.000 € zertan inbertitu erabaki dezaten. Aurten, berritasun gisa, aurrekontuaren zati bat 48.000 eurotik gorako aurrekontua duten proposamenetara bideratuko da, eta beste zati bat 48.000 €-tik beherako proposamenetara. Horrela, lehen urte honetan 48.000 €-tik beherako aurrekontua duten proiektuetara bideratuko da, eta 2023rako, proiektuei forma emateko denborarekin jadanik, proiektu handiagoak gauzatuko dira.

“Udaletik aurrekontu parte-hartzaileen AmurriokoEkin prozesua martxan jarriko dugu berriro, eta herritarrak prozesuan parte hartzera animatu nahi ditugu. Guretzat oso garrantzitsua da Amurrioko herritarren ikuspegia kontuan hartzea, herriaren etorkizuna planifikatzeko”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

16 urtetik gorako amurrioarrek nahi beste proposamen egin ahal izango dituzte. Aurkeztutako proposamenek baldintza hauek bete beharko dituzte: Amurrioko Udalaren eskumenekoak izatea; ikuspegi teknikotik bideragarriak izatea; urte bakoitzerako ezarritako gehieneko aurrekontuaren barruan sartzea, 215.000 euro gainditu gabe; interes orokorrekoak, eta ez pribatukoak izatea; eta, horrez gain, gobernu-taldeak ezarritako mugak errespetatu beharko dituzte, hauek ez kaltetzeari dagokionez: ekitatea, euskara, osasuna eta jasangarritasuna.

 

Parte hartzeko bideak

Proposamenak azaroaren 2ra arte aurkeztu ahal izango dira, era birtualean edo aurrez aurre. Horretarako, Amurrioko etxe guztietan liburuxka bat postontziratuko da, erantsitako galdetegi batekin. Liburuxka horiek udaletxean, Bañueta kiroldegian eta Kultur Etxean dauden postontzietan utzi ahal izango dira, edo Herrilaguntzaileei entregatu ahal izango zaizkie parte hartzeko aldian. Azoka egunetan karpak jarriko dira San Anton plazan, parte hartzea errazteko. Gainera, online ere parte har daiteke Amurriokoekin webgunearen bidez, edo posta elektronikoz Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidean.

 

Faseak

Aurrekontu parte-hartzaileen AmurriokoEkin prozesua lau fasetan gauzatuko da: proposamenen aurkezpena, proposamenen lehenespena, bideragarritasunaren azterketa, , eta bozketa.

Proposamenak jaso ondoren, Udalak prozesuan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du, eta, ondoren, lehentasunei buruzko fase bat egingo da. Fase horretan, 48.000 €-tik beherako kostua duten 10 proiektu, eta 48.000 €-tik gorako kostua duten beste 10 proiektu hautatuko dira. Lehentasunak aurrez aurreko saio irekietan ezarriko dira, irizpide hauetan oinarrituta: proposamenak biztanleriako sektorerik ahulenei (langabetuak, adinekoak, emakumeak, migratzaileak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak...) mesede egiten edo eragiten al die? Eta proposamenak ingurumena eta klima-aldaketaren aurkako borroka hobetzen edo indartzen al du? Ondoren, lehenetsitako proposamen horien bideragarritasuna aztertuko da, eta abenduan eta urtarrilean herritarrek proposamenak bozkatuko dituzte.

 

Attachments:
FileDescriptionFile size
Download this file (Folleto AmurriokoEKIN eus.pdf)AmurriokoEKIN eskuorriaAmurriokoEKIN eskuorria646 kB

Inprimatu   E-maila