Udalak Haurren Elkargunea ekimena jarri du martxan, umeen parte-hartzea sustatzeko

NOTICIAS Gainera erabilgarri:  CAS 

Amurrioko Udalak Haurren Elkargunea ekimena jarri du martxan, herriko umeen parte-hartzea sustatzeko. Euren borondatez parte hartu nahi duten udalerriko 20 umek osatuko dute taldea, eta ikasturtean zehar 9 aldiz bilduko da.

“Ekimen honen bitartez, umeen parte-hartzearen hainbat alderdi landu, eredu horretan prestatu eta haurrak ahaldundu nahi dira, erantzunkidetasunean oinarritutako parte-hartzea sustatuz. Horretarako, udal mailan ahotsa emango zaie”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Elkarguneak umeen interesen eta gaien inguruko proposamenak egingo ditu, komunitatearekin eta Udalarekin lankidetzan. Umeek aukeratuko dituzte landuko diren gaiak, eta askotarikoak izan daitezke, horien artean ingurumena, kultura, espazio publikoa edo inguruan sor daitezkeen beste gai batzuk.

Elkargunea Amurrion bizi eta ikasten duten 20 ume boluntariok osatuko dute. Taldea udalerriko ikastetxe guztietatik datozen Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleek osatuko dute. Ikasturtean zehar 9 aldiz bilduko dira eta saio horietan hausnartu, ikertu eta hainbat gairi buruzko proposamenak egingo dituzte. Udalak, taldeak egindako lana eta proposamenak kontuan hartzeko eta erantzun tekniko eta politikoa emateko konpromisoa hartu du.

Haurren Elkarguneko kideen aukeraketa

Haurren Elkargunearen lehen edizioak 20 umek osatutako boluntarioen taldean parte hartzeko deialdia zabaldu du. Taldean parte hartu nahi dutenek euren ikastetxean bertan edo Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eman dezakete izena.


Izena emateko bi baldintza bete behar dira: udalerrian bizitzea eta 2021/22 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 4. edo 5. mailan egotea. Hautaketa zozketa bitartez egingo da, izena eman duten pertsona guztien artean. Izena emateko epea irailaren 22tik 29ra egongo da zabalik, eta epe horretan ekimenaren inguruko informazio gehiago jasoko dute ikastetxeetan bertan.

Proiektu honen lehen edizioa den arren, ikasturte bakoitzean garatzeko asmoarekin abiatu da. Horren harira, Elkarguneak ikastetxeekin, elkarteekin eta udalerriko beste eragile batzuekin batera egin nahi du bere ibilbidea.

 

 

Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (Eskuorri_eus.pdf)Eskuorria 2723 kB16-09-21 09:10
Inprimatu