Amurrion gazte batek bart jasandako gorroto-delitua arbuiatzeko eta gaitzesteko adierazpen instituzionala

Amurrioko Udaleko taldeok gure gaitzespen eta sumindurarik handiena adierazi nahi dugu gertuko udalerri bateko gazte batek Amurrion bart jasandako eraso homofoboarengatik.
Horrelako ekintzak duintasunaren eta integritate fisiko eta moralaren aurkako eraso larriak dira, eta, ondorioz, Giza Eskubideen urraketa larri eta onartezina dakarte. Sexu-askatasuna, gure gizartean de facto dagoen aniztasunaren adierazlea izateaz gain, funtsezkoa da giza eskubideen arloan aurrera egiteko.

Pertsona baten askatasuna horrela moztea guztiz onartezina da. Horrelako gorroto-delituek ez dute lekurik Amurrion.

Gogorarazi behar dugu beharrezkoa dela gizarteko arlo, erakunde eta herritar guztien aldetik gizartearen gaitz horren aurka batera borrokatzea, guztion erantzukizuna da, ahotsa altxatuz eta indarkeria edo/eta koakzio matxistaren edozein zantzu modu irmoan salatuz, salbuespenik gabe.

Gure gaitzespen irmoena erakutsi nahi dugu, eta baita gure elkartasuna ere erasoa jasan duen gazteari eta bere ingurukoei. Amurrioko Udalak bere eskura jartzen ditu bere udal-baliabide guztiak.

Eta azkenik, herritarrei dei egiten diegu gorroto-delitu horiek gaitzesteko bost minutuko kontzentrazioa egin dezaten Amurrioko plazan, biharko, 2021eko abuztuaren 14ko, 18:00etan.


Inprimatu   E-maila