Amurrioko Udaleko gobernu taldeak (EAJ-PNV, PSE) komunikatu bat bidali du, egun hauetan udalerriko kaleetan Ertzaintzaren aurka agertu diren pintadak gaitzesteko:
Amurrioko Udaleko gobernu taldeak (EAJ-PNV, PSE) gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi du gure udalerrian Ertzaintzaren aurka berriro agertutako pintaden aurrean. Zoritxarrez behin baino gehiagotan errepikatu diren ekitaldi hauek, gure auzokide guztien ongizatearen alde lan egiten duen erakunde publiko baten aurkako eraso jasanezina dira.
Gure udalerria elkarrekiko errespetuan, aniztasunean eta balio demokratikoetan oinarritutako bizikidetza-gunea da. Ekintza bandalikoek, ondare komuna hondatzeaz gain, konfrontazioa erein eta komunitate gisa defendatzen dugun errespetu instituzional eta sozialaren oinarrizko printzipioak ahuldu nahi dituzte. Ezin ditugu eta ez ditugu horrelako portaerak normalizatuko.
Udaletik elkarbizitzaren eta errespetuaren alde lan egiten jarraituko dugu. Gure udalerrian ez dago lekurik gorrotorako, bandalismorako eta bizikidetza demokratikoaren aurkako jokabideetarako.

