Ekainaren 28an, LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Egunean, aniztasunetik eskubide eta bizikidetzarekin dugun konpromisoa berresten dugu, kolektibo horren eskubide eta askatasunen aitortzan lortutako aurrerapenak ospatuz. Jardunaldi hau ez da ospakizuna bakarrik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogoraraztea ere bada. Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetereo arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzten honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea. Gainera, ezin da alde batera utzi, eraso LGTBIQ+fobikoen datuak eta diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari direla.
Funtsezkoa da injustiziaren aurrean ahotsa altxatzea eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasuna errespetatzen duena eraikitzen laguntzea. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik egin ahal izango dugu aurrera aldaketa erreal, sakon eta iraunkor baterantz, norbanakoaren konpromisotik hasi eta politika publikoetaraino. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak bultzatzen jarraitzea ezinbestekoa da.
Badakigu azken urteotan sexu- eta genero-aniztasunaren onarpena handitu egin dela, eta aurrerapen hori hainbat pertsona, elkarte, erakunde, kolektibo eta erakunderen etengabeko lan konprometituari esker lortu dela, hainbat esparrutatik kontzientziak ikusarazten, sentsibilizatzen eta eraldatzen lagundu baitute. Prozesu horretan, euskal gizarteak erakutsi du gai dela aurrera egiteko, oztopoak hausteko eta guztiontzako askatasun-eremuak irekitzeko.
Gaur egun harrotasunez esan dezakegu gizarte bat eraikitzen laguntzen ari garela, non persona bakoitza armairurik kanpo bizi daitekeen eta loturarik gabe, aurreiritzirik edo estigmarik gabe bizi, indarkeriarik gabe, eta beldurrik gabe. Baina badakigu oraindik bide luzea dagoela egiteko. Babes-keinu bakoitza, ikusgarritasun-ekintza bakoitza, LGTBIQ+ eskubideen aldeko hitz bakoitza funtsezko urratsa da lortutako lorpenak sendotzeko eta aurrera egiten jarraitzeko.
Ekainaren 28a ez da oroitzapenezko data bat bakarrik, ekintzarako premiazko deia baizik. Amurrioko Udaletik giza eskubideekin dugun konpromisoa berresten dugu, eta herritar guztiak ausardiaz jokatzera, gorroto-diskurtsoen aurrean isilik ez egotera eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide-urraketa salatzera animatzen ditugu.
Horregatik guztiagatik, herritar guztiak sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldietara batzea gonbidatzen ditugu, LGTBIQ+ pertsonen eskubideen defentsa eta sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko borroka euskal gizartearen identifikazio-elementu izan daitezen.