Azkena Rock Festival jaialdia Amurrio eta Bastida herrietara iritsiko da Araba ARF Tour ekimeneko doako programazioarekin

  • Amurrion Letagin eta Nukore arituko dira maiatzaren 17an 
  • Bastidan, berriz, ekainaren 14an izango da Nightwaves eta The Clayton taldeen kontzertua

Jaialdiaren atariko moduan, hemen da Araba ARF Tour programazio berria. Segidako laugarren urtez, Arabako Foru Aldundiaren eta Amurrioko eta Bastidako udalen eskutik, doako programazioa eskaintzen duen ekimen honen bitartez rock and rollaren espiritua eta Azkena Rock Festival jaialdiaren sugarra Arabako herrietara iritsiko dira. Maiatzaren 17an, larunbata, Oñatiko Letagin eta Gasteizko Nukore taldeen txanda izango da Amurrion; oñatiarrek hard rock eta stoner musika egiten dute, erritmo azkarrak eta energiaz beteriko zuzeneko emanaldiak uztartuta; gasteiztarrek hogei urte baino gehiago daramate musikaren munduan, eta metal alternatiboko talde garrantzitsuenetako bat dela esan dezakegu. Ekainaren 14an, larunbata, Bastidan izango dira kontzertuak; Nightwaves bilbotarrekin amerikar indie ukitua duen rock musikaz gozatzeko aukera izango dugu, baita Amurrioko The Clayton taldekoen rock and rollaz ere.

Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiote Arabako Foru Aldundiaren Kultura Sailari, haien inplikaziorik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako Azkena Rock Festival jaialdiarekin batera antolatutako ekimen hau egitea; eta eskerrik asko, nola ez, Amurrioko eta Bastidako Udalei, ARF jaialdiaren sugarra urtez urte Arabako herrietara daramaten kontzertu hauek euren herrietan egiteko interesa agertu dutelako eta egitasmoa gauzatu dutelako.

Azkena Rock Festival jaialdia da rock & roll jaialdi nagusia, eta ekainaren 19an, 20an eta 21ean izango da Gasteizko Mendizabalan. Jaialdiaren agertokietan artista ezagun ugari bilduko dira, askotariko estilotakoak, hala nola John Fogerty, Manic Street Preachers, Dinosaur Jr., The Flaming Lips, Public Image Limited, The Damned, Melissa Etheridge, Lucinda Williams, Turbonegro, Margo Price, Richard Hawley, The Hellacopters eta abar.


Inprimatu   E-maila