Amurrioko Udalak fibrozementua kendu du Rita Landazuri Eguneko Arretarako Landa Zentroa izango denaren obretan, Mendiko auzoan

Aldez aurreko azterketaren ondoren, zaharberritutako etxearen estalkia osatzen zuen fibrozementua kendu zuten.

Fibrozementuaren erretiratze eta kudeaketa hori Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen programa baten barruan egin da, Garapen Ekonomikoaren, Jasangarritasunaren eta Ingurumenaren esparruan. Diruz lagundutako ekintza hauek eraikin publikoetan dagoen amiantoa kentzera zuzenduta daude eta 14.400€-ko diru-laguntza jaso du.

Fibrozementua amianto zuntzekin nahastutako zementua da eta “Uralita” bezala ezaguna izan da.

Zer da amiantoa?

Amiantoa zuntzez osatutako mineral bat da, eta propietate bikainak ditu, ia suntsiezin bihurtzen dutenak: suarekiko erresistenteak dira, kalitate isolatzaile onak dituzte, iraunkorrak, malguak eta azido eta bakterioekiko erresistenteak dira. Naturan mineral hau oso ugaria denez eta erauzteko erraza denez, oso merkea ere bada.

Horren ondorioz, 1960. eta 2000. urteen artean eraikuntzan eta industrian modu masiboan erabili zen. Gehien erabilitako produktuetako bat fibrozementua izan zen.

2002an debekatu egin zen amiantoa zuen edozein material merkaturatzea, frogatu baitzen zuntzak arnasteak asbestosia, mesotelioma edo minbizi mota batzuk eragin zitzakeela.


Inprimatu   E-maila