- GAPPAk ikerketa bat bultzatuko du Amurrioko kirol-erakunde eta -elkarteekin lankidetzan, gazteen ludopatiaren sintomak detektatzeko, eta, ondoren, hainbat tailer egingo dira prebentzioan, kontzientziazioan eta murrizketan lan egiten jarraitzeko.
Amurrioko Udaleko Gizarte Ekintza eta Osasun Sailak, Kirol Arloarekin batera, kirolariei, entrenatzaileei eta haien familiei zuzendutako programa bat prestatu du, kirol-apustuen erabilera desegokiaren ondoriozko arazoak ikertzeko, kontzientziatzeko eta murrizteko, bai eta mendekotasun horretatik edo beste batzuetatik babesteko tresnak garatzeko ere.
Ludopatia nahasmendu psikologikoa da, apustu egiteko orduan derrigortzea du ezaugarri, eta nabarmen eragiten die pairatzen dutenen bizitza pertsonalari, familiakoari, akademikoari, lanekoari eta ekonomikoari. Ildo horretan, eta hainbat azterlanen arabera, jokalarien profila gero eta gehiago hurbiltzen da adin goiztiarretara, eta, maila nazionalean, adingabeen %20k baino gehiagok ezagutzen eta egin dituzte apustuak noizbait. Datuek erakusten dutenez, nahiz eta joko presentziala ohikoagoa izan, arriskuak esponentzialki areagotzen dira online ingurunean, eta gazteak dira ahulenak eta ausazko jokoen nahasmenduaren eraginpean daudenak, garapen emozional eta kognitiboaren etapa betean daudelako.
Kirola droga-mendetasunen aurrean babesteko faktore gisa ulertu izan den arren, ludopatiaz ari garenean, kirol-diziplinak praktikatzea arrisku-faktore bihur daiteke; izan ere, jokalariek kontrol-sentsazioa dute, eta apustuak egiteko bide asko dituzte, irabaztea erraza iruditzen baitzaie.
Ikuspegi horren aurrean, Amurrioko Udalaren Laguntza Psikologiko eta Pedagogikoko Kabineteak (GAPPA) ikerketa-lan bat hasiko du datozen asteetan, gazte kirolarien portaerari buruz, adikzioekin lotutako arazoen arriskua aztertzeko; zehazki, apustuei eta, oro har, drogei buruzkoa.
Zentzu horretan, Amurrioko Udaleko Gizarte Ekintza eta Osasun Arloko zinegotzi Laura Fernándezek adierazi duen bezala, "erakunde honetan ezarri dugun lehentasunetako bat Amurrioko gazteen artean jokoarekiko adikzioari lotutako zeinu batzuk prebenitzea eta identifikatzea da. Horrela, bada, GAPPAren zerbitzutik, Kirol arloaren laguntzarekin, gazteen ludopatiaren sintoma horiek detektatzeko udalerriko hainbat kirol-erakunde eta elkartetan parte hartzen duten gazteen artean ikerketa bat bultzatu dugu ".
Funtsezkoa da gazteek, haien senideek eta kirol-eragileek informazioa jasotzea ludopatia hautemateko moduari buruz populazio-sektore horretan, eta, era berean, ludopatiari aurrea hartzeko moduari buruz. Hori dela eta, hasierako datuak bildu eta berehala, hainbat tailer egingo dira, kontzientziazioan eta murrizketan lan egiten jarraitzeko. "Horregatik, eta nola ez, eskerrak eman nahi dizkizuegu kausa noble hori babesteko eta, alde guztien esfortzu sozialarekin, ludopatiarekin amaitzeko orduan izan duzuen inplikazioagatik, ahaleginagatik eta kontzientziazioagatik", adierazi du Laura Fernandezek.