Amurrioko Iñaki Bea Jauregi futbolari ohiak jasoko du 2023ko Urrezko Guk Saria

 

Iñaki Bea Jauregi (Amurrio, 1978ko ekainaren 27a) futbolari ohi eta entrenatzaile amurrioarrak 2023ko Urrezko Guk saria jasoko du aurten, martxoaren 18an, larunbatean, Amurrio Antzokian ospatuko den galan. Urrezko Guk Txapelketaren Batzorde Antolatzaileak, gaur egun Soriako Numancia Kirol Elkartea zuzentzen duen Bea Jauregi aukeratu du, eta sari hori Kirol Espirituaren Saria kategorian jasoko du.

Aintzatespenak futboleko profesional gisa egindako ibilbidea nabarmendu nahi du, bai jokalari, bai entrenatzaile gisa, bi postuetan arrakastak lortu eta kirolak gizarteari ematen dizkion balioak indartzen lagundu duelako.

Jokalari gisa, Lorca Deportiva CFn sartu aurretik, –talde horrekin Bigarren Mailara igotzea lortu zuen– Iñaki Bea Jauregik talde hauetan jokatu zuen: SD Llodio, SD Amorebieta, Amurrio Club eta CF Ciudad de Murcia. 2007-2008 denboraldian lehen mailan debutatu zuen Valladolid taldearekin eta taldeko entrenatzailea zen Jose Luis Mendilibarren eskutik. Denboraldi bat lehenago, talde horrek konfiantza jarri zuen berarengan Espainiako futbolaren maila gorenera igotzeko. 2009ko uztailean Real Murtziara iritsi zen bi denboraldirako fitxatuz. 2010ean, klubarekin zuen kontratua eten ondoren, Bundesligara igo berria zen Wacker Innsbruck talde austriarrean sartu zen. Austrian bi denboraldi bikain jokatu zituen Tiroleko talde historikoarekin, mailari eusteko hasierako helburua lortuz.

Entrenatzaile gisa, AFE Selekzioarekin debutatu zuen Korantina Homes Cup 2021 txapeletan, eta irabazi egin zuen. Aurretik UD Levanteko eta SD Eibarreko bigarren entrenatzailea izan zen Jose Luis Mendilibarrekin lehen mailan. 2022ko otsailaren 24an, Dominikar Errepublikako futbol selekzioko hautatzaile bihurtu zen. Dominikar Errepublikako selekzio nazionalen arduradun gisa 2023ko maiatzean Indonesian jokatuko den 20 urtez azpiko Munduko Txapelketarako eta 2024an Parisen izango diren Joko Olinpikoetarako sailkapen historikoa lortu du. 2022ko azaroaren 11n, Soriako Lehen Federazio mailan ari den Club Deportivo Numanciako entrenatzaile aukeratu zuten.


Inprimatu   E-maila