Gazteentzako etxebizitza alokatzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza onartu du Amurriok

Amurrioko Udalak etxebizitza alokatzeko herriko gazteei zuzendutako laguntzak arautuko dituen ordenantza onartu du osoko bilkuran. Horretarako aurrekontu-partida 30.000 eurokoa da, eta eskabideak ALHAOn iragarkia argitaratu ondoren formalizatu ahal izango dira.

Atzo onartutako ordenantzak gazteei emantzipazio prozesuan laguntzea du helburu. Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azaldu duen bezala, “laguntza honen bitartez, gazteen artean alokairu-erregimeneko etxebizitza eskuratzea sustatu nahi dugu”.

2021ean zehar gazteen alokairu-gastuaren parte bat estaltzeko aukera emango duen diru-laguntza hileko alokairuaren %30 eta %50 artekoa izango da gehienez, eskatzailearen urteko diru-sarrera gordinen arabera. Onuradunek zenbait baldintza bete beharko dituzte laguntza jaso ahal izateko: 18 urtetik gorakoa eta 35 urtetik beherakoa izatea; etxebizitzarik jabetzan ez izatea; diruz lagundutako etxebizitzan erroldatuta egotea, eta gutxienez urtebeteko antzinatasuna izatea Amurrion erroldatuta; urteko diru-sarrera gordinak ezin izango dira 30.000 eurotik gorakoak izan; eta ezin izango da familia-loturarik egon onuradunen eta errentatzailearen artean.

Eskabideak aurkezteko epea iragarkia ALHAOn argitaratzen denean zabalduko da.


Inprimatu   E-maila