Amurriok gazteen egoera aztertzeko diagnostikoa egin du

Berriak Gazteria Gainera erabilgarri:  CAS 

Amurrioko Udalak udalerriko gazteen egoerari buruzko diagnostikoa egin du, 2017an egindako aurreko azterlanean bildutako informazioa eguneratzeko eta zabaltzeko. Azken hiru hilabeteetan lantzen ari den gazteen partaidetza-prozesuan oinarrituta dagoen diagnostikoa Gazteria Planaren aurreproiektua eraikitzeko oinarria izango da.

Amurrioko Udaleko gazte-zerbitzu berriak bere lekua eman nahi die gazte-politikei Udalean. Horretarako, Amurrioko Udalaren gazte-diagnostikoa eguneratu behar izan da, udalerriko gazteen errealitatea ezagutzeko eta horretan esku hartzeko. Era berean, informazioa biltzeko lehen fase horrek, ondoren, gazteek diagnostiko-txostenean planteatutako premiekin bat datorren programa definitzeko eta diseinatzeko balioko du.

“Amurrioko gazteen azken diagnostikoa egin eta kolektibo horrentzako udal-zerbitzu espezifikoa abian jarri zenetik 5 urte igaro direnean, funtsezkoa da diagnostiko hori eguneratzea, udaleko sail berri horretatik gazte-politikak aplikatzeko abiapuntua izan dadin”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Informazioa biltzeko prozesua

Diagnostiko horrek gazteen, elkarteen eta talde antolatuen ikuspuntua jasotzen du, bai eta gazteen egungo egoeraren berri duen beste edozein eragilerena ere. Informazioa biltzeko metodologiari dagokionez, bileren eta galdera-sorten bitartez gauzatu da. Bilera eta galdetegi horietan gazteentzat garrantzitsuak diren gaiak jorratu dira, aisia, kultura, kirola, ekipamenduak, osasuna, parte-hartzea, prestakuntza eta emantzipazioa, besteak beste.

Guztira, aurrez aurreko 20 elkarrizketa baino gehiago egin dira udalerriko elkarte eta taldeekin, eta 220 galdetegi bete dira, hiru adin-tartetara egokitutako hiru mota: 12 eta 16 urte bitartekoak, 17 eta 24 urte bitartekoak eta 25 eta 30 urte bitartekoak.

Azterlanaren ondorio orokorrek planteatzen dutenez, gazteen ikuspegia kulturaren, kirolaren eta aisialdiaren programazioan txertatu behar da, udal-ekipamenduak haien beharretara egokitu, eta orain arte kolektiboarekin erabili diren komunikazio-bideak berrikusi, udalaren eta gazteen arteko partaidetza eta lankidetza sustatzeko. Era berean, emantzipazioari, etxebizitzari eta enpleguari buruzko hainbat erakunde, organismo edo/eta entitateren baliabideak bideratu eta ezagutaraziko dituen informazio- eta orientazio-zerbitzu berria garatu behar da, gazteentzako baliabide guztien erabilera bermatzeko eta egungo ezjakintasuna edo desinformazioa saihesteko.

Inprimatu