Amurriok 'Kutxazain Herritarra' du udal zergak ordaintzeko

  • Gailu elektroniko berria Herritarren Arretarako Zerbitzuaren sarreran instalatuko da, eta herritarrek astelehenetik ostiralera izango dute eskuragarri, 07:45etik 15:00etara.
  • “Eskuratu dugun gailuari esker, etorkizunean herritarrei zerbitzua errazteko modulu berriak gehitu ahal izango ditugu”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Amurrioko Udalak kutxazain automatiko bat eskuratu du aldizkako udal zerga guztiak ordaintzeko. Astelehenetik aurrera jarriko da martxan eta, oraingoz, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) ordutegi berean erabili ahal izango da, hau da, 07:45etik 15:00etara, astelehenetik ostiralera. Datozen asteetan, arratsaldeetan erabiltzeko eta, horrela, herritarrei zerbitzua errazteko aukera ere emango da.

Kutxazain automatiko berria HAZaren sarreran instalatuko da. Erraz eta modu intuitiboan erabiltzen den gailua da, eta HAZeko langileek laguntza emango dute, hala eskatzen duten auzotarrek kudeaketak egin ditzaten.

“‘Herritarren Kutxazaina’ instalatzea beste pauso bat da herritarrei udal zergak eta tasak ordaintzea errazteko. Zergak kobratzeko banku-erakunde batekin genuen hitzarmena amaitu ondoren, ordainketak kutxazain horren bitartez egiteko bidea irekitzen da, txartelarekin edo eskudirutan ordaintzeko aukera ematen baitu. Gogoraratzi behar da, halaber, udal webgunean ordainketa-pasabide bat dagoela”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Gailuaren erabilerari buruz

Kutxazain automatikoan kudeaketa hasteko nahikoa izango da pantailan sakatzea, kutxazainaren zerbitzu-menuan sartzeko. Pauso hori eman ondoren, “Eskaneatu ordainagiria” aukera agertuko da. Hautatu ostean, kode-irakurgailua aktibatuko da, eta erabiltzaileek ordainagiriaren barra-kodea hurbildu beharko dute irakurtzeko. Eragiketa onartu ondoren, ordainagiria ordainduz jarraituko da; horretarako, erabiltzaileek ordaintzeko modua aukeratu beharko dute, txartelarekin edo eskudirutan. Ordainketa egin ondoren, ordainagiria inprimatuko da.

Horrela, gailu elektroniko berriak bihartik aurrera zergak, tasak eta isunak ordaintzeko aukera emango du. Zehazki, hauek ordaindu ahal izango dira: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (TMIZ); hilerrien, larreen, zaborraren, errotuluen, idazkunen, San Antongo merkatuaren, ibien, eta lurzorua mahaiekin eta aulkiekin okupatzearen tasak; eta baita udal-trafikoko isunak ere.

‘Hiritarren Kutxazaina’ instalatzeko 20.000 euroko inbertsioa egin behar izan da. “Eskuratu dugun gailuari esker, etorkizunean modulu berriak gehitu ahal izango ditugu, errolda-txartelak lortzeko aukera, besteak beste, herritarrei zerbitzua errazteko”, adierazi du Molinuevok.

BakQ txartela ematea

Udaleko Herritarren Arretarako Zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuei, IZENPEren BakQ identifikazio elektronikorako bitartekoa lortzeko izapidea gehitu zaie. Horrela, hemendik aurrera, amurrioarrek erraz eskuratu ahal izango dute identifikazio elektronikoko ziurtagiri hori, eta, horrela, beste erabilera-aukera batzuen artean, izapide telematikoak egin ahal izango dituzte Osakidetzaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren egoitzetako webguneetan, eta baita Udalaren egoitza elektronikoan ere.

BakQ ezinbesteko tresna da administrazio-izapideak edozein gailu elektronikoren bidez egiteko. Doako ziurtagiria da, eta hainbat administrazio publikotan izapideak egiteko eta dokumentuak erregistratzeko aukera ematen du.
“Udalerrian BakQ ziurtagiria emateko prozesua martxan jarrita, herritarrek Amurrioko Udalarekin gestioak egiteko erabili ahal izango dute”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Udalaren egoitza elektronikoan identifikazio hori erabilita, eskabide bat baino gehiagotarako izapide orokorrak egin ahal izango dira, eta baita unean bertan errolda-ziurtagiria eskuratu ere.

BakQ 16 urtetik gorako pertsona fisikoek eskatu ahal izango dute, eta horretarako ezinbesteko baldintza izango da helbide elektroniko bat eta telefono mugikor bat adieraztea, ondoren zerbitzua erabiltzeko balioko duen pasahitza jasotzeko. Eskuratu nahi dutenek Herritarrentzako Arreta Zerbitzura joan beharko dute, 07:45etik 15:00etara.

Amurrioko Udalak asteburuan Udaltzaingoaren aurka egindako pintadak gaitzetsi ditu

Amurrioko Udalak erabat gaitzesten ditu joan den asteburuan herriko Udaltzaingoaren egoitzaren fatxadan egindako pintadak.


Amurrioko Udaletik gaitzetsi egiten dugu udaltzainen aurkako indarkeria adierazpen hori, Amurrioko udal langileak diren aldetik. “Horrelako ekintzek ez dute lekurik gure herrian”, salatu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.


Era berean, Amurrioko Udalak horrelako ekintzak desagerraraztea eskatzen du, nahi dugun udalerri-ereduaren aurka doazelako, hau da, tolerantzian eta elkarbizitzan oinarritutako herria.

Amurriok aintzatespena jaso du, klima-ekintzaren aurrean duen konpromisoarengatik

  • Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren erronkan toki-eremutik egindako lana aitortzen duen diploma jaso zuen atzo.

Atzo, Eusko Jaurlaritzak aintzatespena eman zion Amurriori, Alkateen Klima eta Energiarako Itunari atxikita dauden Euskadiko beste 20 udalerriri bezala, energia- eta klima-trantsiziorako toki-eremutik egiten ari den lan handiarengatik. Udalerrien deskarbonizazioa bizkortzea, klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko gaitasuna indartzea eta herritarrek energia segurua, jasangarria eta eskuragarria jasotzeko aukera izatea dira udalerri horiek 2050erako lortu nahi dituzten helburuetako batzuk.

Amurriok energia-trantszioarekin eta klima-aldaketarekin duen inplikazioagatik lortu du aintzatespen hori. Energia-eraginkortasuneko proiektuak jarri dira martxan –argiteria publiko guztia led bihurtzeko– eta energia berriztagarriak bultzatu dira, eraikin publikoetan instalazio fotovoltaikoak jarriz eta industria-sektoreak duen potentzial fotovoltaikoa aztertuz. Landa-lurzoruan klima-aldaketara egokitzeko proiektuak ere gauzatu dira, eta, gaur egun, mendi publikoa antolatzeko plana egiten ari da, klima-aldaketara egokitzeko eta hori arintzeko irizpideekin. Epe laburrean, Amurrioko Udalak 2030 Tokiko Agenda Plana definituko du, datozen urteetarako ibilbidea markatuko duen Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plan berria integratuz.

Alkateen Klima eta Energia Itunari buruz

Alkateen Klima eta Energia Ituna (Covenant of Mayors for Climate and Energy) nazioarteko ekimen bat da, eta mundu osoko herriak eta hiriak modu zabalean lotzen ditu klimaren eta energiaren tokiko ekintzaren inguruan. Ekimen horretan 61 herrialdetako 10.000 tokiko eta eskualdeko gobernu baino gehiago biltzen dira, eta, beren borondatez, klimaren eta energiaren nazioarteko helburuak ezartzeko konpromisoa hartzen dute.

2009az geroztik Energiaren Euskal Erakundea eta, 2019az geroztik, Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, dira Euskadiko Alkateen Itunaren erakunde koordinatzaileak, euskal udalerriei tokiko esparruan klima- eta energia-trantsizioa lortzea ahalbidetuko duten tresnak eta ekimenak ezartzen laguntzeko helburuarekin.

Udalerriei aitortza egin ondoren, jardunaldi tekniko bat egin zen, Alkateen Itunaren Europako bulegoak babestua. Jardunaldi horretan, Miguel Morcillok, Europako bulegoaren ordezkariak, aitortu du "Euskal Autonomia Erkidegoak egindako lan garrantzitsua, bertan klima-aldaketari modu integralean heltzen baitiote, bai arintzeari bai horrek eragindako eraginetara egokitzeari dagokionez. Euskadin ezarritako klima-gobernantzarako eredua -Udalsarea 2030en bidezko sare-lana nabarmenduz-, garatutako tresnak eta euskal udalerriei energia- eta klima-trantsizioan laguntzeko laguntza-ildoak inspirazio izan daitezke zentzu horretan urrats sendoak egiten ari diren beste lurralde batzuentzat".

Amurrioko Euskal Astea maiatzaren 17tik 23ra izango da

Aiara Dantza Taldeak, Amurrioko Udalaren laguntzarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu maiatzaren 17tik 23ra Amurrion Euskal Astea ospatzeko. Aldi horretan, dantza-jantzien erakusketa egongo da herriko hainbat dendatako erakusleihoetan. Gainera, dokumental bat, argazki erakusketa bat, tailer koreografiko bat eta bi dantza ikuskizun programatu dira.

  • Maiatzaren 19a: 19:30 JANTZARI dokumentala Amurrio Antzokian.
  • Maiatzak 22: Egun osoan zehar, Aiara dantza taldearen antzinako eta egungo argazkien erakusketa, Elexondo pasealekuan.
  • 12:30 Aiara Dantza taldearen emanaldia Juan Urrutia plazan.
  • 17:00 Dantza tailerra Haatik konpainiarekin, DAGAZ programaren barruan, Amurrio Antzokian.
  • 19:30 “Errimak bi oinetan” dantza ikuskizuna Haatik Dantza konpainiaren eskutik, Juan Urrutia plazan.


Informazio gehiago:


Maite González Bilbao
679 933 356
Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

'Amurrio Take Away' ekimenak tokiko ostalaritzan kontsumitzea bultzatuko du

  • Maiatzaren 21etik uztailaren 25era bitartean, herriko 6 ostalaritza-establezimenduk prestatutako produktu berriak proposatuko dituzte, ohiko kartatik kanpo; lokalean kontsumitu ahal izango dira, baina eramateko ontzi egokiak ere izango dituzte.
  • Prestatutako produktu berri horien kontsumitzaileek, parte hartzen duten establezimenduetan kontsumitzeko kupoien asteroko zozketan parte hartu ahal izango dute.

Amurriok herriko ostalaritzari laguntzeko ‘Amurrio Take Away’ ekimena bultzatuko du maiatzaren 21etik aurrera. Proposamena honetan datza: parte hartzen duten ostalariek ohiko kartatik kanpoko produktu bat prestatuko dute, herritarrek uztailaren 25era arte dasta dezaten. Era berean, prestatutako produktu berri horiek kontsumitzen dituzten pertsonek, parte hartzen duten establezimenduetan kontsumitzeko kupoien asteroko zozketan parte hartuko dute.

“Ekimen honen bidez, ostalaritza-sektoreari laguntzeaz gain (lokalen ordutegia oraindik ez da afariak emateko bezain zabala), sasoiko eta 0km produktuen kontsumoa bultzatu nahi da. Bestalde, parte hartzen duten establezimenduek Amurrio Bideanek emandako ontziak jasoko dituzte, prestatutako produktuak banatzeko”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Ekimenak, uztailaren 25era arte euren kartetan sukaldaritzako 6 proposamen berri aurkeztu dituzten 6 ostalaritza-establezimenduren parte-hartzea izango du. 4 hanburgesa, sandwich bat eta ogitarteko bat dastatu ahal izango dira, hori guztia sasoiko eta 0Km produktuekin.

Packaging jasangarria

Eramateko janari-eskaera gehiago dagoenez eta produktuak baldintza onenetan iritsi daitezen, Amurrio Bidean packaging jasangarria eta elikagaien ezaugarriak gordeko dituena bilatzeko lanean aritu da. Kanpaina honetan erabiliko diren ontziak azukre ekologikoko kanaberaz eta birziklatutako kraft paperez eginda daude. Parte hartzen duen establezimendu bakoitzak bere kartan aurkezten duen proposamen berrira egokitzen diren ontziak jasoko ditu, eta baita euren ohiko produktu prestatuetarako beste batzuk ere.


Parte hartzeko modua

‘Amurrio Take Away’ ekimenera aurkeztutako proposamenak kontsumitzeak saria ere badu. Hanburgesa, ogitarteko edo sandwichen bat dastatzen duten pertsonak ekimenean parte hartzen duten establezimenduetan kontsumitzeko kupoien zozketan sartuko dira. Parte hartzea oso erraza da, 6 proposamenetako bat kontsumitu izana adierazten duen tiketaren argazki bat baino ez da bidali behar Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera. Maiatzaren 21etik aurrera zozketa egingo da asteartero eta tiketak aurkezteko azken eguna uztailaren 26a izango da.

Parte hartuko duten establezimenduak

Guztira, 6 ostalaritza-lokalek parte hartzen dute “Amurrio Take Away” programan, sukaldaritzako proposamen askotariko eta erakargarri hauekin:

  • Albizabalek 0KM hanburgesa proposatzen du gazta urdinarekin, piper erreekin, tipula potxatuarekin, hirugiharrarekin, letxugarekin, tomatearekin eta mahonesarekin.
  • El Desvánek urtutako sandwich batekin hartzen du parte, focaccia-ogia, oliba beltzak, Karobi de Inoso gazta ondua, tomatea, brie gazta, chédar gazta, camembert gazta-krema, urdaiazpiko iberikoa eta arrautza.
  • Iturrialdek Deluxe hanburgesa baten aldeko apustua egin du brioche ogian, mahonesarekin, Karobi de Inoso gazta-kremarekin, Euskolabel 0KM txahalarekin, kanonigoekin, euskal txerri hirugiharrarekin eta urdaiazpiko iberikoarekin.
  • Mirandes Berriak txuleta hanburgesa bat proposatzen du pikillo beloarekin eta Idiazabal gazta-txirbilekin, etxean egindako ogi barruan.
  • Fronton Tabernak espinaka eta azenario hanburgesa begetala sortu du, urdaiazpiko egosiarekin, letxugarekin, tomatearekin, tipularekin eta gaztarekin.
  • Patxi Tabernak iberiar beso gainean doan eta tomate-xerrak eta piper berdeak daramatzan belarri albardatu ogitartekoa egin du.

Informazio gehiago:

Maite González Bilbao
679 933 356
Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Amurrioko ekoizleek bat egin dute 'Aiaraldea dendatik etxera' ekimenarekin

  • Orain arte, ostiraletako merkatuko 6 postuk egin dute bat proiektuarekin; produktuen banaketa ostiraletan egingo da, 14:00etatik 16:00etara.
  • Esperientzia honetan parte hartu nahi duten Amurrioko herritarrek online dagoen inprimaki bat bete beharko dute.

Amurrioko ekoizleek bat egin dute Aiarako Kuadrillak Amurrioko eta Laudioko Udalekin batera diseinatutako ‘Aiaraldea dendatik Etxera’ ekimenarekin. Ekimen horren helburua herriko dendetan kontsumoa bultzatzea da. Horregatik, esperientzia horren bidez etxeetara eramango dira egindako eskaerak.


Guztira, gaur arte, ostiraletako merkatuko 6 ekoizlek egin dute bat ‘Aiaraldea dendatik Etxera’ ekimenarekin, Quesería Karobi, Quesos Aguiñiga, Burutxaga hestebeteak, Pasteleria Arantzazu, Lureder eta Ziorregi S.C., Amurrioko eta eskualdeko 0Km produktuaren kontsumoa sustatzeko beste pauso bat. Zabalik dago proiektu horren parte izateko izena emateko epea. Beraz, nahi dutenek bat egin ahal izango dute.


Horrela, herriko ekoizleek bat egin dute irailetik ‘Aiaraldea dendatik Etxera’ ekimenaren parte ziren herriko saltokiekin: Industrias cárnicas Burutxaga, Boga Boga arrandegia, Alberto Otegui arrandegia, Goxe Berri eta San José S.C. haragitegia.


Esperientzia pilotu honetan parte hartu nahi duten herritarrek webgune honetan online dagoen inprimakia bete beharko dute: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScR5kxcysdfK0ScI6I2rv_NQxXLdKGUuqieqPqu2-I3gB18Hw/viewform

 

Negozio bakoitzak adieraziko ditu eskaerak egiteko prozedura eta ordaintzeko moduak. Zerbitzu hori erabili ahal izateko, establezimendu bakoitzean gutxienez 10 euroko erosketa egin beharko da.


Banaketa horiek ez dute kosturik izango herritarrentzat, eta asteazkenetan eta ostiraletan egingo dira, 14:00etatik 16:00etara, eta ordu-tarte horren barruan noiz jaso nahi den eskaera aukeratu ahal izango da. Merkatuko ekoizleen kasuan, banaketa ostiraletan bakarrik egingo da.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.