Amurriok herriko saltoki, zerbitzu eta ostalaritza digitalizatzeko eta bultzatzeko udalerriko lehenengo marketplace-a kaleratu du

  • Proiektua Izan Amurrio-Apymcarekin eta Rural Kutxarekin izandako lankidetza publiko-pribatuari esker gauzatu ahal izan da.
  • 'Zure merkataritza gara, Amurrio' izenpean, 37 establezimendu daude plataforma digital horretan; plataformak “hurbileko merkataritzaren izaera, nortasuna eta balioak bultzatu nahi ditu, baina denak atari beraren azpian edukitzeak ematen duen erraztasunarekin”.


Amurrioko Udalak, Izan Amurrio-Apymca merkatari elkarteak eta Rural Kutxak, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz eta udalerriko enpresen egoera eta online salmenten hazkundea kontuan hartuta, hilabeteak daramatzate euren produktuak salgai jarri ahal izateko plataforma digital bat martxan jartzen.


Izan Amurrio-Apymcatik “aspaldi ikusi genuen gure udalerrirako online salmentarako marketplace edo plataforma bat sortzeko beharra; duela urtebetetik bizi den pandemiaren ondorioz, azkarrago egin dugu lan plataforma hori sustatzen. Gainera, guretzat elkartegintza indartzeko eta garatzeko aukera izan da”.


“Zure merkataritza gara, Amurrio” izenpean, guztira 37 establezimenduk osatzen dute plataforma hori. Online erakusleiho horrek udalerriko saltokien, zerbitzuen eta ostalaritzako lokalen eskura jartzen du establezimenduen digitalizazioa, https://www.somostucomercio.com/amurrio/comprar helbidearen bidez. Horrela, “Zure merkataritza gara, Amurrio” programak “hurbileko merkataritzaren izaera, nortasuna eta balioak bultzatu nahi ditu, baina denak atari beraren azpian edukitzeak ematen duen erraztasunarekin”.


Proiektuari bizirik eusteko asmoz, Amurrio Bideanek, Amurrioko Udaleko Tokiko Garapen Agentziak, pertsona bat kontratatu du tresna digital hori edukiz hornitzeko, erabiltzaileak prestatzeko eta plataforma eguneratuta izateko. Gainera, datozen hilabeteetan establezimendu gehiagok bat egiteko aukera egongo da.


Amurrioko Udala pozik agertu da proiektua martxan jarri izanagatik, “sektoreari tresna indartsua ematea eta Amurrioko dendak, zerbitzuak eta ostalaritza lehiakorragoak izatea dakarrelako. Gainera, bezeroek herriko dendetan erosketak egiteko beste bide bat izango dute”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.


Bezeroentzako abantailak


Plataforma berri horren bidez, bezeroentzako aukerak askotarikoak dira. Produktua dendan jaso eta eskura ordaindu edo etxera bidali ahal izango da. Tokiko enpresa bat arduratuko da bidalketak udalerri berean eta eskualdean egiteaz. Probintzia barruko eta probintziarteko bidalketak egiteko enpresa bat ere badago.


Tresna erraz eta intuitiboa erabiliz, ordainketak ohiko bideak erabiliz (transferentziak, banku-txartelak edo paypal) egin ahal izango dira. Gainera, laster Bizumen bidez ere ordaindu ahal izateko lanean ari dira.


Proiektu horrekin bat egin nahi duten Amurrioko establezimenduek Izan Amurrio-Apymcarekin harremanetan jarri behar dute Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikora idatziz edo 945891200/670497108 telefono-zenbakietara deituz.

Amurrioko Udaleko Osoko Bilkurak 2021erako terrazen tasa aldi baterako etetea onartu du

  • Atzo onartutako neurria 2021ean egongo da indarrean.
  • Neurri horren helburua “ostalaritzaren sektoreak bizi duen egoera zailean laguntzea” da.

Amurrioko Udalak aho batez onartu zuen atzo egindako osoko bilkuran udalerriko ostalaritzako lokalei terrazak kobratzea arautzen duen ordenantza fiskala aldi baterako etetea. Neurria 2021. urte osoan egongo da indarrean, gutxienez.

Txerra Molinuevo Amurrioko Udaleko alkateak azaldu duenez, “neurri honekin, Covid-19aren ondoriozko neurri murriztaileak direla eta sektoreak bizi duen egoera zailean lagundu nahi du Udalak”.

2021ean Ordenantza Fiskalaren aplikazioa eten egingo zaie, mahaitxoak, mahaiak, aulkiak eta antzeko beste elementu batzuk instalatzeko lizentzia duten eta COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondoriozko zenbait neurri bete behar izan dituztelako, baimendutako gehieneko edukiera murriztu beharra eta ixteko eta irekitzeko ordutegia egokitu beharra, besteak beste, jarduera murriztuta ikusi duten Amurrioko establezimenduei.

Amurrioko Udalak pasabide bat du udal zergak ordaintzeko

  • Plataformak aldizkako zergak, tasak eta trafikoko isunak ordaintzeko aukera emango du; Gainera, hemendik aurrera, edozein banku-erakunderen txartelarekin egin ahal izango da ordainketa, TPV aukera markatuta.
  • Zerbitzu horretara sartzeko, ordainketarako pasabide bat dago Udalaren webgunean (www.amurrio.eus), “Nire ordainketa” erlaitzean.

Amurrioko Udalak beste pauso bat eman du administrazio elektronikoaren sisteman sartzeko. Horretarako, aldizkako udal-zerga guztien ordainketa erraztu du, ordainketarako pasabide baten bidez. Pasabide horrek ordainketa erraztuko du, eta gestioa erosoagoa bilakatuko du herritarrentzat.


Gainera, hemendik aurrera, edozein banketxetako txartelarekin egin ahal izango da ordainketa, TPV aukera markatuta. Lehen Kutxabankekin eta Laboral Kutxarekin baino ezin zen egin. Udalak hartuko ditu bere gain kudeaketa horren ondoriozko gastuak.
“Ordainketarako pasabidea, zenbait tasa eta zerga ordaintzeko lehendik ere bazegoen tresna da, baina orain, zergadunei kudeaketa errazteko helburuarekin, zerga-erroldaren bitartez izapidetzen diren tasa guztiak sartu dira. Modu azkarra eta segurua da, eta kreditu txartel baten bidez egin daiteke etxetik”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.


Hemendik aurrera, ordainketarako pasabideak zergak, tasak eta trafikoko isunak ordaintzea ahalbidetuko du. Zehazki, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ-IBI), Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ-IAE) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (TMIZ-IVTM); hilerrien, larreen, zaborraren, luberritzearen, idazkunen, San Antongo merkatuaren, ibien eta mahaiekin eta aulkiekin okupatzearen gaineko tasak; eta trafikoko isunak.


Zerbitzu horretara sartzeko, ordainketarako pasabide bat dago Udalaren webgunean (www.amurrio.eus), “Nire ordainketa” fitxan. Zergak ordaintzeko, ordainagirian agertzen den CPR izenekoa aukeratu beharko da, eta eskatutako datuak eman beharko dira. Bete ondoren, finantza-erakundea aukeratu eta txartelaren datuak sartu beharko dira.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.