Amurriok zaintza indartu du tigre eltxoaren aurrean, eta herritarren laguntza eskatu du

Amurriok zaintza indartu du tigre eltxoaren aurrean, eta herritarren laguntza eskatu du

  • Herritarren inplikazioa funtsezkoa da tigre eltxoaren ugalketa prebenitzeko eta udalerrian foku berriak detektatzeko.

Amurrioko Udalak aurten ere bat egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Neiker-ekin eta Euskadiko hainbat udalerrirekin lankidetzan, tigre-eltxoa zaintzeko eta kontrolatzeko bultzatu duen kanpainarekin. Ekimen honen helburua da espezie inbaditzaile horren presentzia goiz detektatzea eta lurraldean zabaltzea prebenitzea.

Tigre-eltxoaren zaintza autonomia-erkidego mailako estrategia koordinatu baten parte da. Estrategia horren bidez, eltxoaren eboluzioa jakin daiteke, eta modu eraginkorrean jardun daiteke eltxoa dagoen eremuetan. Baterako lan horri esker, osasun publikoa babesten eta intsektu horri lotutako arriskuak minimizatzen laguntzen duen etengabeko jarraipena egiten da.

Prebentzioa etxean hasten da

Herritarren laguntza funtsezko tresna da tigre eltxoaren ugaritzea saihesteko. Intsektu honek ur pilaketa txikiak aprobetxatzen ditu ugaltzeko, eta, horregatik, garrantzitsua da aldizka lorategiak, terrazak eta kanpoko espazioak berrikustea.

Gomendatutako neurrien artean daude ura pilatu dezaketen ontziak hustea, erreten eta hustubideak garbi mantentzea, animalien edontzietako ura sarri berritzea eta etxebizitzen inguruan ur geldia dagoen edozein puntu saihestea. Era berean, eltxo-sareak jartzea lagungarria izan daiteke etxe barruan gutxiago egon daitezen.

“Herritarren laguntza ezinbestekoa da Amurrio ingurune osasungarri gisa mantentzeko eta foku posibleen aurrean bizkor jarduteko. Prebentzio-neurri erraz batzuen bidez, haien presentzia murriztu dezakegu, eta Amurrion bizi garen pertsona guztien osasuna babestu”, adierazi du Estibaliz Sasiain Amurrioko Udaleko Ingurumen-zinegotziak.

Nola lagundu detekzioan

Herritarrek ere lagundu dezakete Mosquito Alert aplikazioaren bidez, telefono mugikorretik tigre eltxoaren balizko begiztatzeen berri emateko tresna. Informazio hori oso erabilgarria da zaintzaren ardura duten erakundeentzat, foku berriak identifikatzen laguntzen baitu eta espeziearen jarraipena hobetzen baitu.

Nola identifikatu tigre eltxoa

Tigre-eltxoa (Aedes albopictus) tamaina txikiagatik eta gorputzean eta hanketan dituen zerrenda zuriengatik bereizten da. Beste eltxo-espezie batzuk ez bezala, aktibo egoten da egunez, batez ere goizeko lehen orduan eta arratsaldearen amaieran.

Ziztadak deserosoak izan daitezke eta hantura edo azkura eragin dezakete. Ziztada izanez gero, kaltetutako gunea urez eta xaboiz garbitzea, hotz lokala jartzea eta hazka ez egitea gomendatzen da. Erreakzio larriren bat edo sintoma kezkagarriren bat izanez gero, osasun-profesional bati galdetzea komeni da.

Amurrioko Udalak herritarren osasunarekin eta ongizatearekin duen konpromisoari eusten dio, eta aktiboki parte hartzen du gure inguruan tigre-eltxoaren hedapena kontrolatzen laguntzen duten prebentzio eta zaintza ekimenetan.

Informazio gehiago, webgunean https://www.euskadi.eus/informacion/mosquito-tigre-aedes-albopictus/web01-a2inform/es/

‘Konpondu.amurrio’, ekonomia zirkularra eta kontsumo arduratsua sustatzeko konponketa-negozioen bilatzaile berria

Amurrioko Udalak, Eusko Jaurlaritzak finantzatuta, ‘Konpondu.amurrio’ proiektua jarri du abian. Proiektuaren helburua udalerriko egungo kontsumo-eredua aldatzea da, jasangarriagoa izan dadin. Webguneak lau gune nagusi ditu: auto-konponketa sustatzeko, ordezko piezak erosteko, konponketa-establezimenduak bilatzeko eta esteka interesgarriak.

http://konpondu.amurrio.eus - http://amurriorepara.amurio.eus webguneak gure produktuen bizitza luzatzeko informazioa, aholkuak eta tresnak eman nahi ditu. Horren barruan, Amurrion konponketan jarduten duten establezimenduen bilatzaile bat dago, hainbat kategoriatan banatuta eta udalerriko konponketa-negozio guztiak ikus daitezkeen maparekin.

“Webgune horren oinarria konponketa lanak egiten dituzten udalerriko negozioen bilatzailea da. Bertan, konpondu nahi dugun produktua tekleatuz, zein kategoria bilatu nahi dugun aukeratuz edo udalerriaren mapan zuzenean, produktu hori konpontzen duten establezimenduak bilatu ahal izango ditugu. Hor agertuko dira establezimenduak, horien informazio orokorra, ze produktu konpontzen dituen, non dagoen, ordutegia eta kontaktua” azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.

Proiektu honekin hainbat helburu lortu nahi dira:

  • Herritarrei berrerabilerarako aukera praktikoa eskaintzea.
  • Herritarrei prebentzioaren eta jasangarritasunaren aldeko ohiturak helaraztea.
  • Bigarren eskuko objektuen trukea duintzea.
  • Hondakinak tokian-tokian eta egunero sortzea prebenitzea.
  • Kontsumo jasangarria
  • Produktuen balio-bizitza luzatzea.
  • Lehengaien eta energiaren kontsumoa murriztea.
  • Konponketa- eta autokontratazio-zerbitzuak eskaintzen dituzten tokiko negozioak ikusaraztea eta horien erabilera sustatzea.

“Alferrik galtzearen kultura nagusi den munduan bizi gara.  Zerbait apurtzen denean, bota eta gauza batzuen ordez beste batzuk eskuratzen ditugu, estreinatzeko eta kontsumitzeko dugun beharra asetzeko. Gaur egun bizi dugun klima-krisi egoeran, beharrezkoa da gure kontsumo-eredua aldatzea eta bota baino lehen konpontzen duen beste eredu arduratsuagoa ezartzea. Hori dela eta, ‘Konpondu.amurrio’ proiektua funtsezkoa da produktuei bigarren bizitza emateko eta mundu jasangarriagoaren, bidezkoagoaren eta solidarioagoaren alde egiteko”, adierazi du Molinuevok.

Amurriok asiako liztorraren aurkako kanpaina hasi du

Amurriok asiako liztorraren aurkako kanpaina hasi du

Aurten ere, Amurriok Vespa velutinaren tranpa-kanpaina hasi du, Asiako liztorra izenez ezagutzen dena. Horretarako, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak emandako materialak banatuko ditu Udalak erlezainen eta beste herritar batzuen artean, liztor nagusiak harrapatzen laguntzeko. Horrela, kolonia berrien kopurua murriztuko da eta espezie inbaditzaile horren populazioa kontrolatuko da. Izan ere, espezie inbaditzaile hori biodibertsitatearen galeraren erantzulea da, eta erlezaintza- eta fruta-ekoizpena murriztu egiten du, besteak beste.

Tranpak

Tranpak martxoan hasiko dira eta maiatzaren 15ean amaituko dira.

Aurreko urteetako kanpainetako tranpak dituztenen artean banatuko da. Gailuak interesdun berriei emango zaizkie, kaltetutako guneetan jar ditzaten, eta tranpa batez, kako batez eta erakarlez osatuta daude.

Jasotzeko ordutegia: 8:00etatik 11:00etara, martxoaren 28ra arte.

Uretatik hurbil

Tranpak, ahal dela, ur-puntuetatik, erriberetatik, fruta-arboletatik, erlauntzetatik edo aurrez kaltetutako guneetatik hurbil jarri beharko dira. Tranpen barruan disoluzioa erakargarria jarriko da, eta bi astean behin aldatu beharko da.

Tranpa-gailuak ematearekin batera, harrapaketa-fitxa bat emango da, eta bertan bete beharko dira tranpa jarri den lekuaren datuak, baita harrapatutako liztor asiarraren eta beste intsektu batzuen aleen kopurua ere. Fitxa hori tranpa-kanpaina amaitutakoan entregatu behar da.

Tranpa kanpaina udaberriarekin batera hasten da beti, orduan hasten baita Asiako liztorraren ugalketa zikloa. Garai honetan, udazkenean ernaldutako erreginak negua pasa duten gordelekuetatik atera eta habia primario, txiki eta babestuak sortzen hasten dira.

Amurriok energia-kudeaketan eta klima-aldaketan teknikari bat izango du administrazio publikoetan lehen esperientzia profesionala izateko programaren bidez

Amurrioko Udalak energia-kudeaketan eta klima-aldaketan teknikari bat izango du datorren urtarrilean, administrazio publikoetan lehen esperientzia profesionala izateko programaren bidez. Izena emateko epea abenduaren 30era arte dago zabalik Lanbiden-Euskal Enplegu Zerbitzuan.

Teknikaria praktiketako prestakuntza-kontratu baten bidez sartuko da. Kontratua 2023ko urtarrilaren 31n hasiko da, 12 hilabeteko iraupena izango du, eta Amurrioko Udalaren jarduera-eremuetan energiaren, klimaren eta ingurumen-jasangarritasunaren arloko ekintzak eta neurriak garatzen lagunduko du.

Kontratatzen den pertsonak zenbait baldintza bete beharko ditu kontratuaren hasieran:

  • Unibertsitate-gradua izatea ezagutza teknikoen arloan: ingurumen-zientziak, kimika, biologia, geologia, geografia, arkitektura, arkitektura teknikoa, industria-ingeniaritza, ingurumenekoa, energetikoa, energia berriztagarrietakoa, elektrikoa, elektronikoa, meatzeetakoa, kimikoa.
  • Langabezian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda eta enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egotea.
  • 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gaztea izatea.
  • Ikasketak amaitu zirenetik 3 urte baino gehiago igaro ez izana.

 

Amurrioko Udalak 32.108,92 euroko diru-laguntza jaso du, 54.750,32 euroko inbertsioa eskatuko duen praktiketako kontratuaren modalitatean energia-kudeaketan eta klima-aldaketan Teknikari baten kontratazioa finantzatzeko. Diru-laguntza, Lanbideren Administrazio Kontseiluak 2021eko abenduaren 13an onartutako Europar Batasuna-Next-GenerationEU-k finantzatutako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen da.

Amurriok Ingurumen-Kudeaketako Ziurtagiria berritu du 2023an

Amurrioko Udalak, Ingurumena Kudeatzeko Europar Batasuneko EMAS Sistema du ezarrita 2003. urteaz geroztik. 2023an berritu egin du ziurtagiri hori, eta bere Ingurumen-Adierazpena eskuragarri dago jada. AENORek ikuskatu eta balioztatu du dokumentua, eta herritar eta alde interesatu guztiek Amurrioko Udalak 2022an gauzatutako ingurumen-jarduera ikus dezakete.

https://udala.amurrio.eus/cas/servicios/medio-ambiente-y-cambio-climatico/emas

Amurrioko Udalaren Lurralde Eremuan Ingurumena Kudeatzeko Sistemaren jarraipena egiteko gauzatu zen kanpo-auditoretzan ez zen sistemarekin bat ez zetorren ezer antzeman. Auditoretza-enpresaren txostenean sistemaren indargune hauek nabarmentzen dira:

  • Zuzendaritzaren eta bere taldearen konpromisoa Ingurumenarekin eta Ingurumena Kudeatzeko Sistemarekin.
  • Garapen jasangarrirako Nazio Batuen 2030 Agenda eta estrategian, kudeaketa-sisteman eta arloko jarduera eta zerbitzuetan GJHak hartzen dira kontuan.
  • Ingurumen-Adierazpena: helburuaren, jomugen eta ekintzen trazabilitatea GJHekin, DRSen (Herri Administrazioa, Nekazaritza eta Hondakinen Kudeaketa) berariazko adierazleekin eta ingurumen arloko jardunbide hobeekin.
  • Udal-baratzak kudeatzeko tresna informatikoen (GIS) erabilera, operazio-kontrola eta ingurumen-kudeaketa hobetzeko

Eta hobetzeko aukerak:

  • Kudeaketa-Sistema beste udal-kokaleku batzuetara zabaltzea.

Erakundearen etengabeko hobekuntzaren eta ingurumen-portaeraren ebaluazioari dagokionez, hurrengoa nabarmendu behar da:

  • 2023an jasotako Ingurumen-Adierazpenean jasotzen diren 15 adierazleetatik, soilik adierazle zuzen bat eta zeharkako hiru bilakatu dira negatiboki 2022ko Ingurumen-Adierazpenarekin alderatuta.
  • Azpimarratzekoa da, bere ingurumen-portaera hobetzeko, erakundeak Administrazio Publikoaren, Nekazaritzaren eta Hondakinen Kudeaketaren DRSetatik ateratako adierazle espezifiko asko (konparazio-parametroekin) eta ingurumen-jardunbide hobeak hartu dituela kontuan.

Amurrioko ikastetxeek Eskola Agenda 2030ean Energia irisgarria eta ez kutsagarria lantzen dute

2022-2023 ikasturtean, Amurrioko ikastetxeak Energia eskuragarria, fidagarria, iraunkorra eta modernoa bermatzea guztiontzat lantzea erabaki dute 7. Garapen Iraunkorrerako Helburura. Beraz, ikasleak energiarekiko dugun egoera ezagutzen eta aztertzen lan egiten ari dira.

Amurrioko Udala ere lanean ari da bere instalazioetan energiaren kudeaketa hobetzeko. Horretarako, Energia Informazioko Sistema bat ezarri du, energia-kontsumoak kontrolatu eta optimizatzeko, eta energia-atari bat egin du, herritar guztiek Udalaren energia-kontsumoaren bilakaerari buruzko informazioa kontsultatzeko aukera izan dezaten, argiteria publikoko ekipamenduei eta zerbitzuei dagokienez.

https://portalenergia.herokuapp.com/es/Amurrio/

Atari horretan, udalak kontsumitzen duen energia guztia kontsultatu ahal izango da, bai eta aurreko urteekiko eta antzeko beste udalerri batzuekiko kontsumoaren bilakaera ere. Halaber, egiaztatu ahal izango da zein eraikinek kontsumitzen duten gehien, zein diren eraginkorrenak eta zein diren aurreztaileenak aurreko urteekiko.

Denon lana da kontsumoa murriztea eta energia-eraginkortasuna handitzea. Beraz, aurten denok batera lan egingo dugu, eskolek, herritarrek eta udalak batera, helburu komun batekin: gero eta eraginkorragoak izatea eta energia gutxiago kontsumitzea.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.