Amurrioko Udalak indarkeria matxisten aurkako konpromisoa indartu du jaietan Puntu Morea instalatzearekin

Amurrioko Udalak indarkeria matxisten aurkako konpromisoa indartu du jaietan Puntu Morea instalatzearekin

  • Udal-kioskoa informazio eta sentsibilizazio-gune bihurtzen da, eta baliabide iraunkorra izango da herritarrei arreta eta prebentzio-zerbitzuak hurbiltzeko

Amurrioko Andra Mari eta San Roke jaiak direla eta, Udalak Puntu Morea jarri du martxan, indarkeria matxistei aurre egiteko informazio eta sentsibilizazio gunea, jaietako udal kanpainaren barruan.

Puntu Morea kioskoan dago, eta informazio-funtzioa betetzeaz gain, esku-hartze artistiko bat ere egin da, udalerriak espazio publikoan berdintasunarekin eta indarkeria matxisten prebentzioarekin duen konpromisoa ikusarazteko. Diseinua Eider García Gómez bertako artistak egin du, jaietan erreferentzia-puntu horri identifikazio-irudia emanez.

Kioskoa jai guztietan egongo da zabalik, ordu tarte desberdinetan, ahalik eta jende gehienari sarrera errazteko asmoz. Era berean, dispositiboak bi dinamizatzaile izango ditu, Amurrioko kaleetan zehar ibiliko direnak herritarrengana hurbiltzeko, indarkeria matxisten prebentzioari buruzko informazioa, sentsibilizazioa eta materialak eskainiz, eskuragarri dauden baliabideen berri emateaz gain.

Festak amaitu ondoren, Puntu Moreak kioskoan jarritako biniloak gordeko ditu. Horietan jasotzen dira telefono eta arreta baliabide nagusiak, besteak beste, Hegoak zerbitzua, SATEVI, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Udaleko Berdintasun Saila eta sexu indarkerian espezializatutako Tximeletak zerbitzua.

Berdintasuneko zinegotzi Ixone Saratxagak nabarmendu duenez, “Puntu Morea informazio-puntu bat baino askoz gehiago da; Amurriok indarkeria matxistarik gabeko jaiekin duen konpromisoa ikusarazteko tresna da, eta herritarrei indarkeria matxistak prebenitzeko eta edozein egoeraren aurrean nora jo erakusteko dauden baliabideak hurbiltzeko tresna”.

Saratxagak azpimarratu duenez, “pertsona guztiek jaiez askatasunez, segurtasunez eta errespetuz gozatu ahal izatea nahi dugu. Indarkeria matxisten prebentzioa erantzukizun kolektiboa da eta, horregatik, herritar guztien inplikazioari dei egiten diogu guztion artean jai parekide eta seguruak eraikitzeko”.

Ekimen honekin, Amurrioko Udalak indarkeria matxistarik gabeko jaiekin duen konpromisoa berresten du, eta herritar guztiak gonbidatzen ditu ospakizunez gozatzera, errespetuan, erantzukizunean eta zaintza komunitarioan oinarrituta. Izan ere, jai seguruak erantzukizun partekatua dira, eta gizarte osoaren inplikazioarekin soilik eraiki daitezke.

 

Martxoak 8- Emakumeen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala

Martxoak 8- Emakumeen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu. Printzipio demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea.

Gaur, ahotsa irmo altxatzen dugu berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko, bere diskurtsoa zokoratzen eta zalantzan jartzen ari baita komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu kezkagarrian, giza harremanetarako eguneroko espazioetan.

Historian zehar berdintasunaren aurrerapenen aurrean gertatu den bezala, mugimendu antifeminista baten goraldian gaude gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena.  Narratiba horiek oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea bilatzen dute.  Diskurtso antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu. Nola esan daiteke feminismoa urrunegi joan dela oraindik soldata-arrakala dagoenean? Emakumeek nagusiki osatzen dituzten sektoreak oraindik prekarioak direnean? Zaintza-lanen gehiengoa emakumeen gain jarraitzen duenean, eta horrek desberdintasuna eta prekarietatatea areagotzen dituenean? Nola sostenga daiteke gehiegi aurreratu dela, indarkeria matxistaren ondoriozko hilketek jarraitzen duten bitartean? Horrek guztiak agerian uzten du berdintasuna erdiesteko dagoela, eta beharrezkoa delaa desberdintasunak desagerrarazteko eta haiek sostengatzen dituzten botere-egitura estrukturalak eraldatzeko lanean jarraitzea. Premiazkoak dira egoera honi modu integralean eta eraginkorrean erantzungo dioten neurriak, arlo eta maila guztietan, maila globaletik tokikora.

Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko.

Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak  aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik.

Martxoaren 8an, euskal udalek dei egiten diegu herritar guztiei eta erakunde guztiei batuta eta elkartuta  irmo egon gaitezen lortutako eskubideak  defendatzeko eta, atzera pausurik gabe, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko.

Horregatik, Amurrioko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Tokiko eremutik lehentasunezko kolektiboekin esku hartzea, bultzatzeko jarrera feministak eta maskulinitate osasuntsuak.
  • Aliantzak sustatzea talde feminista eta tokiko beste eragileekin, jarrera feministak bultzatzeko bizikidetza espazioetan eta komunitate birtualetan.
  • Baliabideak eta egiturak zaintzea eta babestea, gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten.

Aipatutako guztiagatik, dei egiten diegu Amurrioko herritarrei bat egin dezaten Martxoak 8-Emakumeen Nazioarteko Egunean Mugimendu Feministak antolatzen dituen deialdi eta aldarrikapenekin.

Amurrioko Udalak bat egin du Berdindu erakundeak LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira egindako adierazpenarekin

Amurrioko Udalak bat egin du Berdindu erakundeak LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira egindako adierazpenarekin

      • Udalak LGTBIQ+ pertsona guztien eskubideak bermatzeko beharra azpimarratu du eta berdintasunarekin eta giza eskubideekin duen konpromisoa berretsi du

Amurrioko Udalak bat egin du ekainaren 28an, LGTBIQ+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Aldeko Nazioarteko Egunean, Berdinduk bultzatutako adierazpen instituzionalarekin, eta pertsona guztien berdintasunaren, aniztasunaren eta eskubideen defentsaren aldeko konpromisoa berretsi du.

Atxikimendu honekin, Udalak LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideen arloan lortutako aurrerapausoak nabarmendu nahi ditu, pertsona eta mugimendu sozial askoren lanaren emaitza baitira, eta, aldi berean, gogorarazi nahi du oraindik ere desberdintasun eta diskriminazio egoera garrantzitsuak daudela, bereziki kolektiboaren zenbait errealitateri eragiten dietenak.

Adierazpenak transexualen, intersexualen, emakume lesbianen eta bisexualen esperientziak ikusarazteko beharra azpimarratzen du; izan ere, haien bizipenak, kasu askotan, ez dira hain aintzatetsiak eta diskriminazioarekiko arrisku handiagoa dute, baita kolektiboaren espazioen barruan ere.

Era berean, politika publikoetan ikuspegi intersekzionala txertatzearen garrantzia aldarrikatzen du testuak, sexu orientazioa, identitatea edo genero adierazpena beste ahultasun faktore batzuekin bat etor daitezkeela aitortuz, hala nola arrazakeria, pobrezia, desgaitasuna, aniztasun psikikoa, adina, migrazioa edo bizitoki bazterketa.

Ildo horretan, Udalak gogorarazi du oraindik ere badirela LGTBIQ+ pertsonak enplegua, etxebizitza, osasun-arreta edo beren bizitza askatasunez eta duintasunez garatzeko espazio seguruak lortzeko oztopo handiagoak aurkitzen dituztenak. Horregatik, Harrotasunak pertsona guztientzako eskubideen eta bizi-baldintza duinen berme eraginkorra aldarrikatzeko ere balio behar duela uste du.

Adierazpenak, halaber, lehendik lortutako eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtso gehiago daudela ohartarazten du, eta espazio publikoak, hezkuntzakoak, kulturalak, komunitarioak eta instituzionalak ingurune seguruak, inklusiboak eta askotarikoak izan daitezela aldarrikatzen du, non pertsona guztiek baldintza berdinetan parte hartu ahal izango duten.

Horrela, Amurrioko Udalak gizarte bidezkoago, inklusiboago eta anitzago bat eraikitzeko konpromisoa berresten du, eta LGTBIQ+ pertsona guztiei babesa adierazten die, batez ere egoera ahulenean daudenei.

LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak herritarrak animatu nahi ditu errespetuan, berdintasunean eta giza eskubideen defentsan oinarritutako bizikidetza sustatzen jarrai dezaten, aniztasuna gizarte osoa aberasten duen baliotzat hartuta.

 

Attachments:
FileDescriptionFile sizeCreated
Download this file (Berdinduren Erakunde Adierazpena.pdf)AdierazpenaAdierazpena386 kB26-06-26 08:11
Indarkeria matxisten aurrean erantzun publikoa emateko prozedura berrikusteko prozesua onartu du Amurrioko udalak

Indarkeria matxisten aurrean erantzun publikoa emateko prozedura berrikusteko prozesua onartu du Amurrioko udalak

  • Amurrioko Udalak erantzun instituzional integralago eta koordinatuago batekin duen konpromisoa indartzen du

Amurrioko Gobernu Batzordeak indarkeria matxistei aurre egiteko udal protokoloaren erantzun prozedura berrikusteko eta eguneratzeko prozesua abian jartzea onartu du, erakundeen erantzuna indartzeko eta egungo erronketara egokitzeko.

Ekimenak aukera emango du protokolo orokorreko eta jaietako protokoloko erantzun prozedurak aztertzeko eta eredu eraldatzaile baterantz aurrera egiteko, inplikatutako eragileen arteko koordinazioa oinarri izango duena eta biktimen erreparazioari begira pausoak emango dituena. Prozesuak hausnarketarako, prestakuntzarako eta teknikarien, ordezkari politikoen eta tokiko eragileen arteko lan partekaturako espazioak aurreikusten ditu.

Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, “onarpen honekin beste urrats garrantzitsu bat ematen dugu indarkeria matxisten aurrean udalaren erantzuna hobetzen jarraitzeko, Udalaren konpromisoa indartuz politika publiko eraginkorragoak, koherenteagoak eta pertsonen benetako beharretara bideratuak".

Era berean, azpimarratu du “protokoloaren erantzun publikoaren atala berrikusteak aukera emango digu koordinazioa sendotzeko eta tresna sendoagoak izateko, beste udalerri batzuetan sustatzen ari diren ikaskuntzak eta ikuspegiak txertatuz”.

Prozesua 2026an zehar garatuko da. Erabaki honekin, Amurrioko Udalak berdintasunarekin, indarkeria matxisten prebentzioarekin, biktimen erreparazioarekin eta arlo honetako politika publikoen etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa berresten du.

Amurrioko Udalak lan-eskaintza zabaldu du BerHeziren bidez herriko jaietan Puntu Morea jartzeko

Amurrioko Udalak lan-eskaintza zabaldu du BerHeziren bidez herriko jaietan Puntu Morea jartzeko

  • BerHezi aholkularitzak kudeatuko du txanda bakoitzean bi pertsona kontratatzea, abuztuko jaietan indarkeria matxistei aurre egiteko eta arreta emateko zerbitzua indartzeko

Amurrioko Udalak, Berdintasun Sailaren bitartez, lan-eskaintza bat jarri du martxan herriko jaietan Puntu Morearen zerbitzua emateko. Jaiak abuztuaren 12tik 17ra izango dira, eta helburua indarkeria matxisten aurkako prebentzioan eta sentsibilizazioan arreta egokia, segurua eta espezializatua bermatzea da.

Kontratazioa eta zerbitzua BerHezi aholkularitzak kudeatuko ditu eta abuztuan zehar bi ordutegitan egingo da: abuztuaren 12tik 16ra, 19:00etatik 22:00etara; eta abuztuaren 14an, 21:00etatik 00:00etara. Txanda bakoitzean bi pertsonak egingo dute lan.

Lanpostu horiek eskuratu ahal izateko, ezinbestekoa izango da berdintasunaren arloan sentsibilizatuta egotea eta nahitaezko prestakuntza batean parte hartzea. Prestakuntza hori uztailaren 1ean izango da, asteazkena, Amurrioko Villa Fe Emakumeen Etxean (2. solairua), 17:00etatik 20:00etara. Ekainaren 26a da eskaintzan izena emateko azken eguna, posta elektronikoz Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko..

Ixone Saratxaga Berdintasun zinegotziak zerbitzu honek festen dispositiboaren barruan duen garrantzia azpimarratu du: “Puntu Moreak indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatzeko beste tresna bat dira. Ez da arreta soilik, prebentzioa, laguntza eta kontzientziazioa ere badira. Taldeko kideek berdintasunean oinarri sendoa eta lan hori egiteko behar den sentsibilitatea izatea nahi dugu”.

Ekimen horren bidez, Amurrioko Udalak indarkeria matxistarik gabeko jai seguru eta berdinekin duen konpromisoa indartzen du, eta Puntu Moreak ospakizunetan prebentziorako, arretarako eta herritarren sentsibilizaziorako erreferentzia-gune gisa finkatzen ditu.

Amurriok 2026ra arte luzatu du Berdintasunerako Aingurak Plana, genero berdintasunean aurrerapausoak finkatzeko

Amurriok 2026ra arte luzatu du Berdintasunerako Aingurak Plana, genero berdintasunean aurrerapausoak finkatzeko

  • Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Planak tokiko ekintzak indartzen ditu, eta herritarrak sentsibilizatzeko, parte hartzeko eta ahalduntzeko proiektuei jarraipena ematen die

Amurrioko Udalak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana, izenekoa, 2026ko abenduaren 31ra arte luzatzea onartu du. Erabaki honen helburua udalerriko bizitzako arlo guztietan benetako berdintasuna sustatzen duten neurri eta ekintzen jarraipena bermatzea da.

2022an onartu zenetik, Aingurak Planak Amurrioko errealitatera egokitutako berdintasun politikak bultzatu ditu, Berdintasun Teknikariaren figura sendotuz eta informazio, sentsibilizazio eta partaidetza guneak martxan jarriz. Luzapenak aukera emango du planifikatutako ekimenak osatzeko eta genero berdintasunaren inguruko lan komunitarioa indartzeko.

Berdintasuneko zinegotzia Ixone Saratxagak azpimarratu du: "Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lehentasuna da gure udalerriarentzat. Luzapen honekin, Ainguran aurreikusitako ekintza guztiak modu oso eta eraginkorrean burutuko direla ziurtatzen dugu."

Gaineratu zuen: "Erronka polita dugu aurretik: Amurrio bidezkoagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzen jarraitzea, pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten".

Udalak erabaki honen berri emango dio Emakunderi, berdintasunaren arloan indarrean dagoen araudia betez eta genero politiken plangintzarekiko eta jarraipenarekiko tokiko konpromisoa indartuz.

Cookien politika

Webgune honek bere cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu esperientzia eta zerbitzu hobea eskaintzeko. Nabigatzean edo gure zerbitzuak erabiltzean, onartu cookien erabilera. Hala ere, cookieak sortzea eta ezabatzea eragozteko aukera duzu, zure nabigatzailean dagokion aukera aukeratuta. Zure nabigatzailean cookie-en erabilera blokeatuz gero, litekeena da webguneko zerbitzu edo funtzionalitate batzuk eskuragarri ez egotea.