- Udalak nazioarteko ordezkaritza bat hartuko du ekainaren 19an, zahartze aktiboari, gizarte-kohesioari eta herritarren parte-hartzeari buruzko esperientziak partekatzeko
Amurrio izango da Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen III. Mundu-Biltzarraren bisita-programaren herri protagonistetako bat. Donostian izango da, ekainaren 16an, 17an eta 18an. Testuinguru horretan, ekainaren 19an, zahartze aktiboaren eta adinekoen inplikazio sozialaren alde bultzatzen diren ekimen komunitarioak eta parte-hartzaileak zuzenean ezagutzeko interesa duen nazioarteko ordezkaritza bat hartuko du udalerriak.
Bisita talde parte-hartzailea Amurrio Antzokira iristean hasiko da, eta bertan garatuko da egunaren zati handi bat. Bi orduz, gutxi gorabehera, bertaratutako pertsonak Amurrioko Adinekoen Kontseiluaren funtzionamendu eta ibilbidera hurbildu ahal izango dira, bai eta komunitate inklusiboagoa eta parte-hartzaileagoa indartzeko erakundeek, elkarteek eta herritarrek elkarrekin egiten duten lanera ere.
Programazioak harrera eta ongietorri instituzional bat izango du, Amurriok adinekoekin lagunkoiak diren komunitateen sarearekin duen konpromisoa testuinguruan jartzeko. Ondoren, bereziki horretarako sortutako antzezlan bat eskainiko da, elkarbizitzarekin, parte-hartze sozialarekin eta zahartzeari buruzko begirada aktiboarekin lotutako esperientziak islatzen dituzten eszenez eta pertsonaiez osatua.
Gainera, antzezpen hori jendearentzat irekita egongo da, eta interesa duen edonork aukera izango du kultur eta komunitate-gune hori Kongresuko parte-hartzaileekin batera ikusteko eta partekatzeko.
Jardunaldiak Adinekoen Kontseiluaren funtzionamendua azaltzen duen bideo baten proiekzioarekin jarraituko du. Kontseilu hori funtsezko tresna da kolektibo horrek udal-bizitzan benetan eta eraginkortasunez parte har dezan sustatzeko. Era berean, elkarrizketarako eta trukerako hainbat gune prestatuko dira, bisitarien eta erakunde antolatzaileen artean iritziak, galderak eta hausnarketak partekatzeko.
Komunikazioa errazteko eta topaketaren nazioarteko izaera indartzeko, esku-hartze guztiek ingeleserako aldi bereko itzulpena izango dute.
"Amurrio nazioarteko bisita-programa honetan parte hartzeko hautatua izateak Adinekoen Kontseiluarekin, elkarteekin eta herritarrekin aspaldidanik egiten ari garen lana aintzatesten du. Harro gaude gure udalerriaren eraikuntzan adineko pertsonen parte-hartzean, lankidetzan eta protagonismo aktiboan oinarritutako esperientzia partekatu ahal izateagatik", adierazi du Amurrioko alkate Txerra Molinuevok.
Halaber, alkateak azpimarratu duenez, “adinekoak gure komunitatearen funtsezko parte dira, eta haien esperientziak, ezagutzak eta konpromisoak bizitza kolektiboa aberasten dute. Topaketa honek aukera bikaina ematen digu egiten duguna erakusteko, nazioarteko beste esperientzia batzuetatik ikasteko eta Amurrio gero eta inklusiboagoa eta adin guztietarako lagungarriagoa izateko bidean aurrera egiteko”.





